Horretarako, injektatzeko 3 makina ditugu, 200-660 tonako itxiera-indarrarekin. Gure produkzio-ahalmenari esker, makina bidez injektatutako 50 gramotik 14 kilora bitarteko aluminioa duten piezak eta grabitate bidez injektatutako 80 kilora bitarteko aluminioa behar duten piezak fabrika ditzakegu.
Efizientziarekin eta kalitatearekin dugun konpromisoa dela eta, oso zorrotzak gara aluminio injektatuzko galdaketa-prozesuekin. Gure esperientzia luzeari eta Lean Manufacturing eta prozesu-ingeniaritzako kontzeptuak ezarri izanari esker, kalitate-mailarik handienak lortu ditugu. Ildo horretan, materialak optimizatzen ditugu, eta zerbitzu malgua eskaintzen diegu beti gure bezeroei. Horrek guztiak aukera ematen digu hornitzaileekin zein bezeroekin epe luzerako harremanak ezartzeko.
Lehenik eta behin, xafla magnetiko trokelatua bezero bakoitzaren eskakizunen arabera pilatzen dugu, tenplaketa bidez ebaketa-olioen ezpurutasunak desagerrarazteko. Aluminioa injektatu ondoren, isurbidea ebaki, buloi gidaria atera, ardatz eragilea kalatu, pieza mekanizatu eta orekatu egiten da, proiektuak eskatzen badu.
Produkzioaren bikaintasunaren aldeko apustuari jarraikiz, kalitaterik handieneko aleazio ziurtatuekin lan egiten dugu (AC-44100, AC-46500, edo bezeroaren eskakizunen arabera). Halaber, ziurtatutako lehen galdaketako % 99,7ko aluminioarekin lan egiten dugu. Kalitatearekin dugun konpromisoa dela eta, bidezko kalitate-kontrolak gainditu dituzten eta materialen ziurtagiri analitikoa lortu duten lehengaiekin lan egiten dugu beti.